XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ongarriek nitrogenoa, fosforoa edo potasioa daukate, berez edo elementu horiek nahasian dituzten produktuen bidez.

Zorupean nitratoak metatzea da ingurugiroari begira sortzen den arazorik larriena; izan ere, lixibiazioaren bidez irits daitezke nitrato horiek zorupeko uretara edo azaleko uren ibilgu eta erretserbetara.

Hala gertatuz gero, nitratoak uretako landareen ongarri ere bihurtzen dira, baina nitratoen kontzentrazioa handia bada, ingurunearen eutrofizazioa gerta daiteke.

Eutrofizazio horren arabera, izugarri hazten dira algak eta beste landare batzuek, azalera estaltzen dute ondoren eta gora egiten du proportzio berean oxigenoaren eskari biologikoak (OEB), oxigenoaren kontsumoak eta, horrenbestez, murriztu egiten da arras oxigenoaren kopurua ur horietan.

Nitratoen lixibiazioa lurzorupeko barne geruzetarantz bideratuz gero, zuzeneko ondorioak eragingo ditu zorupeko akuiferoetan.

Zorupeko hornidura-uretan nitrato gehiegi metatzen bada osasun-arazo larriak izango ditu gizakiak.

Izan ere, minbizi-prozesuak abiaraz daitezke horrenbestez, nitrato horiek nitrito bihurtzen baitira, urdailean eta gernu-maskurian dauden bakterio batzuen ekinari esker.

Nitrito horiek, bestalde, urdailari eta gibelari erasotzen dieten minbizi-osagai bilaka daitezke.

Agente kutsatzaileei buruzko atal honetan, zabortegiak eta industria-aurriak aipatu beharko genituzke lurzoruen kutsadura kasu berezi gisa.

Kutsadura handiagoa edo txikiagoa sor dezaketen edo sortzen duten instalazioak dira biak, eta gisa horretako instalazio ugari daude Euskal Herrian.

7. Iker itzazu zeu bizi zaren inguruan dauden zabortegiak, depositu-guneak, ibar beteak eta industria-aurriak. Saia zaitez egiten diren isurketa-motak bereizten eta nola kontrolatzen diren jakiten, eta azal ezazu zeure ustez nolako inpaktu-mota eragiten duten instalazio horiek.

Lurzoruko materia organikoaren murrizketa

Agerikoa da lurzoruko materia organikoaren garrantzia, behar duten elikagaia eskaintzen baitie mikroorganismoei.

Hauek deskonposatu egiten dute materia organikoa eta humus bihurtzen dute; humusak nutrienteak ekartzen ditu, handiagotu egiten du zoruko porositatea eta areagotu egiten da, horrenbestez, zoruaren aireztatze, iragazte eta urari eusteko gaitasuna.

Aldi berean humusak xurgatu egiten ditu zoruan egon litezkeen kutsatzaileak eta bertan eusten die, mugitu ezinik.

Humusa mineralizatu egiten denean nutriente bihurtzen da eta handitu egiten da horrenbestez lurzoruaren emankortasuna.

Landareen suntsitzeak, laborantza intentsiboak eta higadurak gai organikoen desagertzea bizkortzen dute azaleko geruzetan eta, ondorioz, pobretu egiten dira zoruak.

Orain artean aztertu ditugun lurzoruen gaineko inpaktu horietaz gainera, giza jatorria duten jarduera aipagarri batzuk ere gertatzen dira lurrazalaren gainean, eta jarduera horiek eskualde bateko lurzoruen kalitatean eta kopuruan zuzeneko eragina duten geologia-inpaktuak ekar ditzakete.

Hona hemen jarduera horietako garrantzitsuenak:

- Harrobien ustiakuntza.
- Urtegien eraikuntza.
- Errepide eta burdinbideen eraikuntza.
- Aireportuen eraikuntza.

Litosfera-alde batzuk fisikoki suntsitzeaz gainera, beste eragin-mota batzuk dituzte ustiakuntza eta eraikuntza-mota hauek:

- Inpaktu akustikoak (harrobiak, aireportuak).
- Aldaketak ur-erregimenetan (urtegiak).
- Aldaketak ekosistemetako espezieen portaeran.
- Hesi biogeografikoen eraketa (errepideak, urtegiak, burdinbideak).
- Aldaketak paisajeen ikuspegiaren kalitatean (harrobiak, errepideak)
- Aztarnategi geologikoen eta fosilen desagerpena (urtegiak, errepideak).

Euskal Herriko lurzoruen egoera

Ezin dira arrazoi bakar baten errutzat jo Euskal Herriko lurzoruetan gertatu diren aldaketak eta kutsadurak.